Idoia
Beratarbide
Arrieta

Idoia Beratarbide Arrieta (Oiartzun, Gipuzkoa, 1977)  

1999an Arte Ederretan Lizentziatu zen. Sorkuntzaz gain, hainbat zeregin bete ditu kulturgintzaren barruan: Errenteria/Oreretako Mikelazulo kultur elkarteko kudeatzaile eta eragile izan zen; Edo! argitaletxean editore lanak egin zituen; Metrokoadroka kolektiboaren bultzatzaile eta taldekide da eta honen baitan aktore, koordinatzaile, diseinatzaile eta arropa egile lanak egiten ditu. 2013an 100tze espazioa zabaldu zuen Oiartzunen haur eta gazteen sormena garatzeko eta, oro har, sorkuntza garaikidea bultzatzeko helburuarekin.

Ilustrazioa

Ilustrazioaren alorrean, Euskal Haur Literaturako hamar liburutik gora ilustratuak ditu. Azkenekoen artean daude Lur beldur (Uxue Alberdi, Erein, 2015), Koldo (Joxemari Carrere, Errenteriako Udala, 2016) edota Igel marroitxo (Pello Añorga, Haziak, 2016). Haurrentzako liburu eta albumak ilustratzeaz gain, helduentzako literatur lanak ere ilustratu ditu. Eta orokorrean, azalak eta kartelak ere egiten ditu liburu, egunkari eta talde ezberdinentzako.

Helduen literaturan ere, hamaika lan ilustratu ditu, azkenak Errenteriako Emakumeen aztarnak (Errenteriako Udala, 2018), Zauri Bolodia (Txalaparta, 2018), Mr. Señora (Txalaparta, 2016) eta Bihotzero (Maider Agirre editore, 2015).

Arte eszenikoak

Arte eszenikoetan antzezlan ugaritan parte hartu du oholtza gainean, bai Mikelazulo bai Metrokoadrokarekin, haien artean azkenak Zauri Bolodia performance (2019), Hugo, nor dada Emmy? (2019), Zanbuia! (2018) eta Su izan nahi (2015). Zuzendari eszeniko bezala Pessoak atera zuen Sarrionandia kartzelatik (Loraldia, 2020) eta Munduko Poesia Kaia (Susa, 2019) proiektuetan parte hartu du.

Marodi sorkuntzak

Maria de Bernardorekin batera “Marodi sorkuntzak” proiektua sortu zuen 2007. urtean. Bertan jantzigintza artistikoa landu izan dute, bi norabidetan. Batetik beren diseinu propioak landu eta saldu dituzte hainbat azoketan, eta bestetik, oholtza gaineko proiektu ezagunen jantziak diseinatu dituzte azken urteetan, besteak beste, Panpina hautsiak (Hatxe musika taldea), Zaldi Urdina (Artedrama/Dejabu/Axut), Kaskarot (Atx Teatroa), Inondik inora (Benetan Be), Conversation avec un arbre (Rouge Elea), Francoren bilobari gutuna (Artedrama/Dejabu/Petit theatre du Pain), Miss Karaoke (Metrokoadroka), Hozkailua (Huts Teatroa), eta abar.

Hezitzailea

Arte plastikoak beste modu batean irakasteko asmoarekin, 100TZE sormen espazioa zabaltzeaz gain, beste zenbait elkarte eta ikastetxeetan kolaboratzen du sorkuntza tailerrak emanez adin guztietako haur eta helduei. Pintura, marrazkia eta bolumena abiapuntu hartuta, norberak sorkuntzan izan dezakeen ahots propioa garatzean oinarritzen du bere lana, beti ere sormena norberaren garapenean zein egungo gizartean balioan jartzea bilatuz.